2012/03/12

V

Egun guztiak berdinak izateak eragiten dion itolarriak, goizero egutegiari so egin eta “bat gehiago” zenbatzeko ohitura “bat gutxiago” zenbatzekoagatik ordezkatzera eraman du errutinaren biktima. Antzerako zerbait gertatu zaio droga menpekotasunaren biktimari, bere tristura itsasoan hondoratzea ekiditeko, zoriontasuna gramo bateko zakutoetan bilatzen baitu goibeltasunak asaldatzen duen uneoro. Ez dezagun ahaztu hogei urterekin bizitzaz gogaitu, eta apatiaren biktima kondizioa onartuz munduari leihotik so egiteaz konformatzen den gaztearen kasua. Hor dago, baita ere, garai batean zabortegi hau aldatzeko helburuarekin zerabilen grina eta irudimen guztia marketing enpresa multinazional bati saldu dizkion neoliberalismoaren biktima. Honen laguna omen zen Yuppie, boterearen biktima, estatus sozialean gora egin ahala adiskidea zapaldu zuen arte. Azken hau neurosiak jota eraman omen zuten zoroetxera, konpainia ezak alegiazko lagun bat sortzera bideratu zuen indibidualismoaren biktimarekin. Bertan, gizonekiko mespretxu neurrigabekoak, zakilei ezezik bere gorputzaren plazerrari ere uko egitera bideratutako korronte anti-pornografikoko feministarekin topo egin zuten, patriarkatuarenaz gain, emakume-histeriaren biktima. Hobezina hobe bihurtzeko nahiean, ero koadrila honekin egin beharreko praktiken balorazioa hamarretik hamaikakoa izateko ahaleginean, gutxi behar izan zuen perfekzioaren biktima zen psikiatra gazteak gaixoen aldera salto egiteko.

Biktimen Fabrikako produkzio etengabekoaren lagin honek, agerian uzten du gizarte postmodernoaren biktimismorako joera asaldagarria. Paradisu kapitalistaren negoziorik indartsuena biktimismoa sustatzeaz arduratzen da, eta horren adierazle dugu fabrikaren ateetan pasibotasun eta hausnarketa faltaren sindromeak jotako norbanakoez osatzen den ilara amaieragabekoa. Heldu itxurako haurrek, bata bestearen atzean zain, inpazienteki itxaroten diote biktima izatearen abantailez gozatzeko uneari. Aske izatea desio dute guztiek, aske izatearen eragozpenei aurre egin beharrik gabe. Erantzunkizunik ez, errurik ez. Eta jakina, aita kapital ahalguztidunak, beste behin ere irtenbide erosoa eskaintzen die: izatearen zailtasun guztien pixuaz desegitea, biktima nortasuna barneratzearen baldintza bakarrarekin.

Paktua onartzen dutenen kopurua etengabeko hazkundean murgildu da, gizarte honenganako dauzkan erantzunkizunen inguruko zalantza eta hausnarketari uko egiten dioten norbanakoak gero eta gehiago direlarik. Askoz errazagoa da inguratzen gaituzten gertakari eta injustizien aurrean inozo eta ahul azaltzea, geure burua gertakari hoien eragile aktibotzat jotzea baino. Krisiaren biktimak, itxurakeriaren biktimak, erlijioaren biktimak, alkoholismoaren biktimak, estresaren biktimak, kutsaduraren biktimak, konformismoaren biktimak, terrorismoaren biktimak, manipulazioaren biktimak, patriarkatuaren biktimak, garapenaren biktimak, globalizazioaren biktimak, modaren biktima, etsipenaren biktimak, demokraziaren biktimak, sistemaren biktimak, biktimismoaren biktimak. Biktimak. Biktimak. Biktimak. BIKTIMAK!

Biktimismoari hainbesteko nazka izango ez banio, biktimismoarenganako nazkaren biktima bezala izendatuko nuke neure burua... baina ez naiz zuloan eroriko! Nahiago dut errua eta erantzunkizunaren zama gainean harturik, biktimaren papera odolzalearenagatik ordezkatuta erlijioa, konformismoa, manipulazioa, patriarkatua, garapena, globalizazioa, etsipena, sistema, biktimismoa eta beste hainbeste nire biktima bilakatu. Ez al ditu, bada, borreroak milaka aurpegi?








2012/03/04

IV

Komunetik itzuli zarenerako han daukazu zure whiskya zain, bikoitza oraingoan, tabernariari agindu bezala. Aulkiak ere utzi duzun toki berean jarraitzen du, tabernan dagoen orok ondo baitaki zeure lekua dela, gau osoa bertan botata baitaramazu. Kontuak ateratzen ahalegindu zara... zenbat ordu daramatzazu zulo hortan sartuta? Hiru? Lau? Joder, bost ere izango dira dagoeneko! Azkar doa gaua, are azkarrago zure burua, zure pentsamenduak. Bost mila güiski hustu arren ere ezin lasaitu barruak, kauendios! Asperen bat atera zaizu oharkabean.

-Egon hadi lasai neska, denborak zauri guztiak osatzen dizkin eta. Nahi edo nahi ez, eguzkiak berriro irteten din goizero...

Leihotik so egin duzu, tabernariak esandakoa zihurtatzearren edo. Eguna argituz doa, bai, egun berri baten hasiera datorrela dirudi, baina eguzkirik ez da ageri inon. Lainoa lainoaren gainetik, besterik ez, azkenaldian ikusi dituzun egunsenti guztietan legez. Tabernariari ezer ulertzen ez duenaren aurpegiaz begiratu diozu. Ekaitza datorrela dirudi.

2012/02/29

III

Esan gabe gelditu diren hitzen asanbladan, aho batez onartu da ixiltasun mozioaren kontrako matxinada. Berba zitalen fronteak, maitasun hitzenari batuta, indarrez hartu ditu jada itxaropen, gorroto, zoriontasun, ohore, gaitzezpen, pasio eta salaketa hitzak. Azken berriek aditzera emandakoaren arabera, hitz gordin zein gozoak ere batu zaizkio horda geldiezinari.
Sentimenduak baliabide bakartzat, hauen etengabeko bonbardaketan oinarritzen den ekintza zuzenari ekin diote indarrez. Azaleko hitzak jo puntuan dituen boikotaren lehen biktimak antzeman daitezke honezkero. Irri, malko, garrasi eta hasperen kopurua gorantz doa etengabe. Datozen orduetan, milaka berpizte espero dira.




2012/02/25

II


Telebista show light-ak, janari light-ak, edari light-ak, droga light-ak, doinu light-ak, hitz light-ak, pentsamolde light-ak, sentipen light-ak, harreman light-ak, bizitza light-ak. Nazkaturik nago inguratzen gaituen kaka light guztiaz. Deskonposatzen hasitako nortasunei sustantziarik gabeko existzentziaren kiratsa darie, eta ustel usaina hedatzen ari da, ohiko bilakatzen ari zaigu, geure egiten ari gara. Bizitza hutsalekiko konformismoari eta jarrera zein diskurtsu politikoki zuzenei diedan higuina gero eta jasangaitzagoa ari zait bilakatzen. Sistema puta honen abonu bihurtzera kondenatutako gizartearen lasaitasunak goragale hau areagotu besterik ez dit egiten, eta konponbidea Valium dosietan bilatuz artega hau arintzeari uko egiten diot. 

Ongia bilatzen ez diodan ongizatearen gizarte honetan arrakasta nahi izan ezkero produktu lasaigarriak eskeintzea beste aukerarik ez dagoela argi dago, masa ustel honen gogoa asaldatuko duen ezerk ez baitu arrakastarik izanen. Baina popatik hartzera arrakasta! Popatik diazepan pilulak eta popatik azaleko zoriontasun erridikulua! Adimenaren izurrite honen antidoto gisa, “light” izatetik oso urruti dagoen edozer erabiltzearen aldeko deia egiten dut. Adierazteko modu bortitzagoen erabilerak norbaitengan sor dezakeen artega, sute bat sortarazi dezakeen txinparta izan daiteke. Kixkali ditzagun etsipen sentipenak, beldurrak, kateak. Pentsamendu arriskutsuak, erotasuna urratzen duten sentimenduak eta ametsak bizitzeko ohitura zabaltzea oraindik bizirik gaudenon egin beharra da. Nik, M. Trasherrek, terrorismo lirikoarenganako konpromisoa hartzen dut.



2012/02/13

I

Hau ez da izen handiko idazle baten txokoa, nire izenaren txikitasuna gora-behera, arkatz batekin trebea izan naitekeen arren. Lapitz triste honen ordez 9 mm-ko Luger baten jabe banintz, eta hau iaiotasun berberarekin maneiatuko banu, seguruenik aspaldidanik zuen nire izenak ospea irabazia. PUM!

Hartu arnasa lasai ordea, ez naiz psikopata bat, bere garaian Charles Mansonek berdina esango lukeen arren. Norbait akatzeko derrigortasun hori sentituko banu, alboko bizilagunari bisitatxoa eginda, pantailaren bestaldean zauden horren bila joanda baino lehenago asetuko nituzke nire gogoak. Hemendik aurrera aurkituko duzunak, daukadan barrua husteko beharraz gain, hautsak harrotzea izango du xede. Somatzen hasia naizen goragaleak, momentu batetik bestera urteetan irentsi arazi didaten zikin pilak gainezka egingo duela jakinarazi dit. Libratzeko unea heltzen denean, orduan bai, orduan hustu egingo naiz. Zikindu ere egingo zaituztet, eta dena prestatu bezala atera ezkero, zuek ere hustuko zarete... eta zikinduko dituzue. Okaz egingo dugu iraultza! 

Ondo da, jada badakizue gutxi-gorabehera nondik nora doazen nire asmoak. Eta, suposatzen dut, dagoeneko nor ostia naizen galdezka ere hasiak zarete. Margaret Trasher nauzue, Trash lagunentzat. Baietz joder, ondo ulertu duzue, horrela deitzen naute lagunek: Trash. “Zakarra” alegia, “Zaborra” nahiago baduzue. Ze ostia axola ote dio! Homoatomarporkulusak mundua izenez ezagutzen den horretatik sortu duen zabortegi honetan bizi den alproja batentzako, ezizen aproposa deritzot nik. Zaborretan ere aurkitu daiteke bitxikeriaren bat edo beste.

Kontuak kontu, izena alde batera, gainontzekoan ezerk ez nau kalean gurutzatu dezakezun beste inorengandik ezberdintzen. Autobusean zure aldamenean edo zinean zure aurrean eseri naiteke, tabernako komunetarako ilaran elkar ikusi gaitezke, zugandik ehundaka kilometrotara bizi naiteke agian, edo zure eraikin berberean akaso. Postaria izan naiteke, irratian goizaldeko orduak betetzen dituen ahotsa, herriko eroa, okina,  supermerkatuko kutxazain kakaidorra, aspaldi ikusi ez duzun lagun hura edo sinpleki, zu zeu izan naiteke. Pozten naiz ezagutu izanaz.