2012/09/26

Gau ilunekoak




Egunez hain apurtezin itxuraz azaltzen zaigunari sendotasun zantzu guztiak erantzi, egun argitan hain iluna dirudienaren belztasuna ezerezean utzi, eta gorroto dugun horren kontra egiteko bere ilunpearen babesa eskaintzeagatik, maite dugu gaua. Ezkutuan daramatzagun sen, burutapen eta asmoei bidea emateko baliatzen gara eguzkiak ezkutatzerakoan esleitzen digun intimitateaz, eta ilargia konplize bakartzat, eguneko ordu mortu horiek aprobetxatzen ditugu benetan garen bezalakoak azaltzeko, onargarriak ez liratekeen ekintzak aurrera eramateko, esan ezin den hori lau haizeetara oihukatzeko. Itxura, arrazoia, legea, normaltasuna, boterea, egia, araua, zuzentasuna, demokrazia, jainkoa, moderazioa, eredua, zibilizazioa bere osotasunean, deformatua ageri da bere gerizpean. Itzal desitxuratu horren irudia erreproduzitu eta egunez aurrean daukagunaren benetako itxura zein den gogoan izateko eztandarazten ditugu gauero gure ideiak, gure adimenaren leherketa eragiten duen detonagailua, ez beste ezer, baitugu askatasunerako giltza.

2012/09/23

Die Yuppie Die

Karlosek gorroto ditu astelehen goizak. Batez ere, astelehen goizak. Asteartea, asteazkena, osteguna eta ostirala, tira, eramangarriagoak dira. Baina aste hasiera... aste hasiera beti egiten zaio aldapatsu. Gaurkoa, nahiz eta atzean utzi dugun udararen azken haize epel hondarrek lagunduta etorri, ez da salbuespena izan, eta ezinbestean pasa behar izan du komunetik bulegora sartu baino lehen. Kixketari eman, komuneko tapa jaitsi eta karteran gordeta eraman ohi dituen txartelen artetik bi atera ditu zoriz. NAN-a eta kreditu txartela.
Bere argazkiaren gainean kokaina dosi polita bota eta gogoz, antsietate puntu batekin, ekin dio ilaratxo fin eta luzea egiteari. Tak-tak, bi txartel kolpetan eta profesionaltasun osoz egin du egin beharrekoa. 50 euroko billetea hartu eta hau kiribiltzen hasi denean, derrepente eta inolako abisurik gabe, hotzikara eragin dion pentsamendu bat pasa zaio gogotik. Gezurra dirudien arren, bere kargua lortzea kostatu zaiona eta gero, eguneroko egin beharren artean saiatuena hortxe egiten du, kaka-tokian.

2012/09/08

Zaborra gara



"I AM WHAT I AM", horra marketinaren azken eskaintza munduari, horra publizitate garapenaren maila gorena, zirikada guztietan aurreratuena, ohiko "izan zaitez desberdin", "izan zaitez zu zeu", "edan ezazu Pepsi" baino hagitzez aurreratuago. Kontzeptuak asmatzen igarotako hamarkada hauek guztiak, honetara iristeko, tautologia hutsera. NI=NI. Mutila lasterka ari da gailu mekanikoan, bere gimnasia klubeko ispiluaren aurrean. Neska lanetik dator, bere Smarten bolantean. Topatuko ote dira?
"NI NAIZENA NAIZ". Nire gorputza nirea da. Ni ni naiz, zu zu zara, eta hala oker gabiz. Masa pertsonalizazioa. Kondizio guztien indibidualizazioa: bizitzarenak, lanarenak, nahigabearenak. Eskizofrenia lausoa. Depresio narrasa. Atomizazioa partikula fin eta paranoikoetan. Kontaktuaren histerizazioa. Ni izateko nahia handitzen den heinean handitzen da sentitzen dudan hustasuna. Zenbat eta gehiago esan, orduan eta isilago nago. Nire buruaren atzetik zenbat eta gehiago korrika egin, orduan eta nekatuago nago. Leihatila aspergarri baten antzera kudeatzen dut, duzu, dugu gure Nia. Geure buruaren ordezkari komertzialak bilakatu gara: merkataritza bitxia. Pertsonalizazioz mozorrotutako anputazio baten berme emaile bihurtu gara. Hondakin bilakatzen garen arte eusten diogu, gure baldarkeria nola edo hala disimulatuz.

Comité invisible: «L'insurrection qui vient»


09 Somos basura by Elfo Negro on Grooveshark

2012/09/04

Maitasunez eta Gorrotoz

"X"-ren balioa askatzen pasatutako matematika klase amaieragabekoak datorzkit burura gaurkoan. Oroitzen naiz nola ekuazio itsasoetan itotzen gineneko ordu hilak ezer esaten ez ziguten emaitza marea batekin amaitzen ziren, X=5, X=1, X=33, X=0, ederto, popatik hartzera. Eta oroitzen naiz baita ere nola nituen "X" haien balio ezkutuak baino jakinmin hadiagoa sortzen zidaten kontuak, ebatzi beharrekoagoak iruditzen zitzaizkidan gaiak. Izango dira hamar bat urte zientzia zehatzenganako interes ñimiñoa beste ardura batzuk zanpatu zutenetik, ardura horiek gazte asanbladaren bidez bideratu nituenetik, MGA-k bere egin ninduenetik, MGA geure egin genuenetik, eta paradoxikoki patuak beste "X" baten aurrean jarri nau. Oraingoan, ordea, emaitzak badu zentzurik.