2013/01/23

Koipeztu garuna, laguna!


Yonki batekin solasaldi emankor bat izateko zailtasuna lokartutako neuronei egotzi izan zaien arren, ba omen da faktore bat hipotesi aski hedatu hori errotik aldatuko lukeena: txandala. Gimnasio gertukoenera jo eta homobigorexikus batekin hizketaldi bati ekiteko saiakera egitea besterik ez du behar batek txandalak eragin ditzakeen kalteetaz jabetzeko. Horixe azken asperraldiak bultzatuta sarean ikusitako monologo batek zioena, horixe gaur goizean bizitako ordu erdi tragikomedikoaren osteko hausnarketak gogora ekarri didana.
Ez dakit nola bukatu dudan han, egunotako haize boladek nigan eragindako siroko ulergaitzen batengatik agian, edo birritan pentsatu gabe baietz esateko daukadan erraztasun ulergaitzarengatik akaso. Kontua da, pilula, irabiaki eta barrita nutrizionalen enboskadan jauzi naizela ohartzeke, homobigorexikus baten galdetegiari erantzutera beharturik. Zer nahi duzue esatea, gau ero baten osteko makina bat goiz partekatu ditut anestesiatutako garunen arteko solasaldian murgildurik, baina guztietatik surrealistenaren saria gaurkoak eramango luke dudarik gabe.
Elkarrizketari hasiera emango zion eta erretorikoa izan behar zuen “Telebistako kirol saioak ikusten al dituzu?” galderari ezezko borobil batekin erantzun diodanean, zomorro baten aurrean balego bezala begiratu dit F.C. Barcelonako babesle den enpresaren produktu banatzaileak, ezer esateko aukerarik eman gabe “Bada HERBALIFE, gure enpresa, 'culé'-en patrozinatzaile da” erantzunez bere enfasi guztiaz. Begirada bizkor batekin inguruko txoko guztiak errepasatu eta inongo kameraren presentziarik ez dela baieztatu ostean, “Margaret-en Show”-a izeneko reality baten existentzia posiblea deskartatu dut. Zabor osasuntsu saltzailea nire bizitzaren patrozinatzaile ez dela jakiteak lasaitu nau.
Iragarkien tartea behin bukatuta, parean zeukan zomorroak pilulak agian bai, baina nutrizionalak erosteko inongo asmorik erakusten ez zionez, honen elikadurari lotutako zenbait galdera egiteari ekin dio. Zer gosatzen dudan, zenbat jatordu egiten ditudan egunean, zenbat ur edaten dudan, ... baita kaka ondo egiten al dudan, azken galdera hau “Danone Activia” estiloan formulatuta noski. Nire kafe kontsumoaren berri eman izan ez banu, hominido osasuntsuen artean toki bat egitea posible izango zitzaidalakoan egon naiz momentu batez. Baina gorputz gihartsu eta osasungarrien artean toki bat egitea horren erraza delako ustea zein inozoa den erakutsiko zidan elkarrizketaren alderdia entzuteko neukan oraindik.
Neurri eta gorpuzkeraren eremu tamalez konfliktiboan sartu gara jarraian, eta zenbat neurtzen eta pisatzen dudan galdetu didanean ez dakidala, urteak direla pisatu eta neurtu ez naizela erantzun diot bere harridurarako. Ea berak egunkari bat irakurri zuen azken aldia zein izan zen galdetzeko gogoari eutsiz, jokoari jarraitu eta homobigorexikoek egunkariei ez bezala, momorroek baskulei bildurrik ez diegulako erakustaldian honen gainera igo naiz. Pantailak emandako datuak gorputzeko beste zenbait neurrirekin batera ordenagailuan sartu, eta pare bat minuturen buruan esanguratsuak izan beharko zitzaizkidan ondorioak azaldu dizkit. Aztertutakoaren arabera pertsona osasuntsuaren parametroetan sartzen omen naiz, anomaliarik ez nire zomorrotasunaz aparte. Hori bai, idealena, kakamarro izatetik libratuko ninduena agian, gantzetan ditudan kilo batzuk kendu edo zuntz bilakatzea omen litzaidake. Ideala, bai. Beste era batera esanda, 90-60-90 emakume prototipoa. Estandar perfektua, zuntz eta gantzaren artean silikona txertatzea ere ahalbidetzen duena. Idealaren kontzeptu nahasia beste behin.
Eta ez hori bakarrik, azterketa fisikoaren azken puntuarekin nire adin metabolikoa zein den ezagutzera eman dit. Honek nire benetako adinarekin gordetzen duen zehaztasuna ikustean, natura, nire organismoa kasu honetan, zein perfektua izan daitekeen eman diot aditzera naturaltasun guztiz eta rekotxineo apur batekin. Errukiz begiratu dit, beti ere gaztetasuna gordetzea zein satisfaktorioa den azalduz ni bezalako gizagaixo bati. Berrogei urte betetzean, beneko berrogei urte ospatu beharko ditut, hau tragedia!
Momentuan sentitu dudan nazka harrotasun bilakatzea segundu kontua izan da ordea, zaborrak ondo janda baitauka zaborra dela, eta harro oihukatzen dut: MOMORROA NAIZ, ZABORRA NAIZ! Kirasdunen Konspirazio Kolektiboaren izenean diotzuet bost axola digutela zuen normaltasunaren parametroek, idealaren kontzeptu nahasiek, estereotipoek, behinbetiko gaztetasunaren ilusio faltsuek. Nahiago dugu pentsatu eta sortzeko balio duen giharraren lanketari lehentasuna eman eta gimnasioko listetan zuentzako tokia utzi. Gure esfortzuaren fruitua ez da 38 zenbakiko praketan sartzea izanen, baina mundu gaixo honetan enkajatzea arazo ederra dela bezalako hausnarketak ereitzen ditugu. Baina zuek zuenera, jarraitu jendea zuen propagargudioekin kutsatzen, zuen txokolate gabeko txokolatedun irabiaki zikinak irensten eta ostean dena kanporatzeko atzamarrak eztarrian sartzen, zein zuen buruaren onarpena inorengan (edo kasu triste eta hedatuenean ispiluan) bilatzen. Ez ahaztu ordea zaborra zokomiran izango dela beti, zuen isladak kale egin eta ostikoz jotako ispilua bezala zeouk ere mila zatitan erortzen zareten unean kolpea koipez leuntzeko.