2012/05/08

Lore hilen edertasuna

Udaberriaren etorrerarekin loratzen hasiberri, edertasun mehatxugarri baten jabe izateagatik errotik ebakiak izan diren loreei omenaldian, urtaroari bizitasuna lapurtu dioten lorezainei mendeku hartuko diegu. Plastikozko liliz josi diguten lorategi honen azpian, udaberriko lehen ekaitzak dakartzan euri tanten zain, ernaltzear dauden haziak gara. Lurpean igaro dugun negu gorriak ahuldu ordez, indartu egin gaituela erakutsiko diegu gure azaleratzearekin, eta begi zein sudur-zuloak polenez narritatuko dizkiegu lorategi honetako uniformetasun artifizialaren zaindariei. Ebakiko dituzte loreak, baina ezingo dute udaberria gelditu esan zuen behin Nerudak. Eta guk, ebakiak izateko mehatxu horregatik azaleratzear geldituko ez garela diogu ozen. Gure hostoak zabaltzen ikusiko dituzten eguna helduko da, eta beldurtuko dira plastikozko beste loreek ez bezala haizearekin dantzan nola egiten dugun ikusita. Gero, atera gaitzatela zuztarretik gai baldin badira, baina loreen transzendentzia mistikoak hor jarraituko du difuntuen omenaldi mendekatzailearekin jarraitzeko. Entzun lur azpiko ahotsa... ez dago zeukaten bizitasun guztia lau haizeetara zabaldu duten lore hilen edertasuna bezalakorik.