Orain dela aspaldi urrutira egindako bidaia
batetan ezagutu nuen, edo beharbada ez hain aspaldi eta ez hain urrutira
egindakoan. Ez dakit. Denbora, distantzia, ez ditut serio hartzen. Edo beraiek
dira ni serio hartzen ez nautenak. Berdin dio, ezagutu nuen. Behin. Nonbait.
Ametsetan, akaso. Horrek ez du esan nahi gertatu ez zenik, ezagutu ez nuenik,
istorio hau existitzen ez denik. Horrek ez du ezer esan nahi. Edo dena esan nahi
du.
-Aurkitu zaitu azkenean – esan zidan nondik
zetorren jakin nahirik nenbilen ahotsak – urteak daramatza liburu tontor horren
azpian, zure zain.
Kasualitateak eraman ninduen kalezulo hartan barna
aurkitu nuen liburu denda zaharrera, eta oraindik nirekin behar zuen ahots hori
nondik zetorren jakin nuenean, txiripaz antzeman baitzitekeen agure haren
presentzia liburu-pila haren erdian. Momentu batez, honen jakituriak idatziriko
mendi haietakoaren artean kamuflatzeko ahalmena emanen ziola otu zitzaidan, eta
hasiera batean ideia burugabea bazirudien ere, zerbaitek ez nenbilela oker esaten
zidan. Bazegoen zerbait haren pipa erretzeko, begiratzeko, hitz egiteko eran.
Tabako zupada bakoitzean historian zehar erretako libururen baten kea irentsi,
desagerrarazitako istorio bat errautsetatik berreraiki, eta hau norberarekin
elkarbanatuko balu bezala. Intrigatua ninduen, senak ez zitzaidala txantxetan
ari esaten zidan.
-Nire zain? – galdetu nion urduritasuna estali
nahiko lukeen txantxa tonuaz – nola liteke liburu bat pertsona jakin baten
esperoan egotea? Liburu batek bere irakurlea aukeratzea? Ez dauka zentzurik.
Agureak, musika jogailua martxan jarri bitartean,
liburuari azaleko errepaso bat eman ezkero ulertuko nuela adierazi zidan.
Hutsik, norbaiten historiaren zain balego bezala, orriak zuri ageri ziren esku
artean neukan liburuan. Konturatu orduko zurbil nintzen neu ere, historia jakin
baten gose ziren orri hutsen isla bailitzan ene aurpegia. Disko jogailuko
orratzarekin batera biraka erori nintzen denboraren zuloan, eta handik
aurrerakoa lausoturik ageri zait memorian, kantu bat besterik ez...
When you're strange faces come out of the rain,
when you're strange no one remembers your name, when you're strange, when
you're strange, when you're strange…
Joder, iratzargailu madarikatua! Nahita jarri
zenion The Doors-en kantua egun berri bat hastear delako abixua emango zizun
ahotsari, hau Jim Morrisonena izanik izara artetik askatzea errazagoa izango
zelakoan, baina bai zera! Nagiak atera eta oheko epeltasuna atzean uzteko behar
besteko adorea batu bitartean, ametsetan bizitakoa errepasatzeari ekin diozu.
Aita etorri zaizu bisitan, ohi baino gazteago, etxean dauden album zaharretako
argazkietan ageri duen itxura horrekin. Bizar oparoa, ile beltza, sabela faltan
eta txakur baten konpainian. Ea egun batzuk zurean igaro ahal zituen galdetu
dizu, eta zuk baietz, harrituta baina baietz, gelditzeko behar zuen haina
denbora. Zerbaitek larritzen zintuen guzti hartatik, eta ez zen aitak zuregana
jotzeko gerta zitekeenaren intriga. Geroxeago, txakurrak aita jan duenean,
ohartu zara estutasun haren jatorria non ezkutatzen zen. Ez dakizu zergatik,
baina ispilura jo duzu korrika, eta begien parean islatutakoak kirioak dantzan
jarri dizkizu. Oihu egin duzu. GUAU!
Ez ba! Berriz ere lokartu ez zara ba! Joder, beti
berdin! Ohetik salto egin eta gaurko errutinari ekiteko oraindik nahiko
indarrik gabe, martxan jartzen zara. Berandu zabiltza, ohi bezala. Gauero
gauero, biharkoa “egun bat gehiago” bezala bataiatu dituzun horietako bat ez
dela errepikatuz oheratzen zara, baina kaka zaharra. Bart etxeratzean lurrera
botatako prakak esku artean hartu eta usaindu egiten dituzu. Txakur baten
antzera. Ezin izan duzu barre egitea ekidin. Ez da hainbestekoa darien
taberna-zulo kiratsa, tabakoaren kontrako lege puta horrek onuraren bat izan
behar zuen. Kamiseta eta jertsearekin berdina egin ostean, sukaldetik pasa,
hutsik dagoela jakin arren zerbait aurkitzeko esperantza desesperatuan
hozkailua ireki, eta tripa hutsik atera zara etxetik.
Bart ardoarekin pasa zinela ohartarazi dizu etxe
ondoko obretako burrunbak buruan danbaka, eta sabelean bueltaka daukazun apurra
kanporatzeko gogoari eutsi behar izan diozu langile baten hitz lizunen aurrean.
Atzamar luzeaz egun onak eman ostean, aurrera jarraitu duzu. Semaforoa berde
noiz jarriko ezinegonez itxaroten duten motor-hotsen artetik abiatuz, kontrako
norabidean datorren jende andanaren artean tokia egiteak suposatzen dizun
esfortzuak nekatu zaitu dagoeneko. Hiri puta honetako giroa jasangaitza egiten
da batzuetan!
You got a bad reputation, that's the word out on the town
It gives a certain fascination, but it can only bring you down!
Gogoz ekin diozu gaztaroan hainbestetan entzundako
Thin Lizzy-ren kantua jotzeari, zer gutxiago daukazun bezerorik onenaren nahia
betetzea baino.
-“Bad Reputation”, mesedez, gaur behar dut...
okerreko hankarekin esnatu naiz. Badakizu, atzo pare bat ardo izan behar
zirenak bikoiztu ez, hamarkoiztu egin ziren, eta orain komeriak – aipatu dizu arnasestuka
oraindik.
Lurrean eseri, liatzeko tabakoa atera, eta zigarro
bat erretzeari ekin dio kantua jotzen zenuen bitartean. Hogeita gutxi urteko
neskatxak zure gaztaroa ekarri dizu gogora, garai onak, lagun onak, etorkizuna
eta milaka kantu zeneuzkaten idaztear. Mundua aldatzearekin amets egiten
zenuten, denboraren igaroak munduak zeuok nola aldatzen zintuzten ikusten hasi
zinen arte. Orduan erabaki zenuen zure jaioterritik aldegitea, airez aldatzea,
besteak normaltasuna eta gizalegezko bizitza eredugarrirantz bideratu zituen
zirimola bortitzarengandik ihes egitea. Hasperen batek, kantuaren azken notekin
batera, ekarri zaituzte orainera bueltan. Neskak euro bateko txanpona
gitarraren zorrora jaurtitzean eskaini dizun irribarre zintzoak, oraindik mundu
hau hobetzeko ahalegin horrek zerbaitetarako balio duela jakinarazi dizu.
Aspaldi sentitzen ez zenuen adinako satisfazioarekin, txanpon batzuk bildu eta
ondoko tabernara jo duzu. Duela urte batzuk mundua jango zenukeen, gaur ostera,
barre eta ebaki batekin ase zara.
If I could start again, a million miles away,
I will keep myself, I would find a way
I will keep myself, I would find a way
Ez neukan bere asmoen, iritzien, ametsen berri. Ez
nekizkien bere izena edo jaioterria zein ziren, are gutxiago bere istorioaren
inguruko ezer. Inondik ezagutu ez arren, tabernako atetik sartu zen gizon hura
eta kamarerak aurki jarritako kantua elkarrentzat eginak zirela argi zegoen.
Bizitza benetan dastatu eta honen zapore gazi-gozoaren erakusle zen begirada,
beroki beltza eta gitarra gainean, Johnny Cash berberaren aurrean nengoela
iruditu zitzaidan. Eta han nengoen ni, ez hain atzean utzitako nerabezaroaren
zati ederra Arkansaseko izarra baldarki imitatzen pasatutako gizagaixoa, gaizki
egindako “tupe” eta akne garaietan mitifikatutako musikariaren mamua begien
parean agertu izan balitzait bezala.
Ez dakit zenbat minutu emango nituen hari begira,
hamar, bi, bost,... batek jakin, baina hartutako kafe hutsa txanpon txikietan
ordaindu eta atetik irten zuen momentuan jarri nituen berriz hankak lurrean. Denboraldi
eder bat mundutik at igaro izan banu bezala sentitu nintzen. Agur gizon
misteriotsu haren agerpena aurretik neuzkan buruhausteei, koadratu ezinezko
hilabete amaierako zenbakiei eta abstinentzia-sindromeari! Horregatik, entzule
maiteok, zuen bizitza zertxobait eramangarriagoa egiteko nire esku dagoen
bakarra eginaz emango dut amaitutzat gaurko saioa. Bejondeiola rock and
roll-ari!
She told me to come but I was
already there
The walls start shaking, earth
was quaking
Ospitaleko aparkalekua oraindik erdi
hutsik, eta momentuak eskatuta, egunsentiaz gozatzea erabaki duzu. Bustiak
dituzu masailak, bustia bihotza. Esatariak saioa ixteko jarri duen AC/DC-ren
kantuak, korronte elektriko bat askatu du zure barnean. Ezinegonak, bart hamahiru
urteko semeari konfiskatutako tabako paketea ireki eta aspaldiko partez zigarro
bat erretzera eraman zaitu. Kotxeko metxeroa estreinakoz erabili, eta pare bat
kalada eman orduko ke eta gogorapen artean galdu zara.
Hogei bat urte izango zenituen bizitzan lehenengoz, eta onartu dezagun, azkenengoz, maitemindu zinenean. Txosnak topera, odola pozoi gozoz zikin eta pozez horditurik zenbiltzala hurreratu zitzaizun begirada ilun eta sakoneko mutila. Lehen begiratuan atentzio larregi deitu ez zizun arren, birritan pentsatu barik onartu zenuen berarekin trago bat hartzeko gonbita. Ordu, garagardo eta speed lerro batzuen buruan, ostera, begi beltz haiek bilakatu zitzaizkizun munduaren erakusleiho. Konturatu orduko, gorputz biak bat bilakaturik, bere autoan zeundeten.
-Bizitzako momentu bereziek soinu
banda izan ohi dute, eta hau ez da gutxiagorako… utzidazu kantu bat eskaintzen
– esan zizun AC/DC-ren kasetea irratian sartzen zuen bitartean.
Hamazazpi urte beranduago,
neurrigabeko maitasun baten erakusle izan nahi zuten oihuen, elkarri abestutako
“You shook me all night long” garrasi desafinatuen oihartzuna entzun dezakezu isiltasunak
jan ohi duen erietxearen inguruetan. Luzez gordetako arantza ateratzeko,
ezinbestean eromena urratzen duen sentimenduei bide eman eta gau hartan bezala
abestuz irten duzu autotik. Lotsagarria iruditu zaizu hamarkada oso batez
gaixotasun psikiatrikoak tratatzen aritu zaren horrek, gaur arte musikaren
balio sendatzaileari garrantzirik eman ez izanak. Terapia berria praktikan
jartzeko grinatsu, eguneko lanaldiari ekiteko gogoz barneratu zara psikiatria
sailera.
Ez dut herio modu hau zuen edozein bizimodugatik aldatzen.
Ez dut bizimodu hau zuen edozein herio modugatik aldatzen.
Ez dut bizimodu hau zuen edozein herio modugatik aldatzen.
Rock'n'rollak hiltzen eta izorratzen jarraitu behar du.
Kasu berri bat esleitu dizute. Gau eta
egun kantu berbera abestuz pasatzen dituen pazientea omen da 13. gelakoa. Atzo
ingresatu omen zuten, pare bat aste inguru hutsik zegoen liburu hura ez zen
beste ezertaz elikatzeari uzteaz gain, liburu hura ez zen beste hizpiderik ez
zuela ohartu baitziren bere ingurukoak. Espedienteak dioenaren arabera,
gaztearen perfilak inongo gaixotasun psikiatrikoren koadro klinikoa betetzen ez
duen arren, bada zerbait ezberdina haren mundua antzemateko eran. Bertan
denetik ideia berbera mahaigaineratu besterik ez omen du egin: liburu huts
horretan argi ikusi daitekeen bezala, rock and roll-a da guztiaren jatorria,
munduaren benetako historia, erantzun guztien zergatia, gure existentziaren
oinarria.
Aparkalekuan bizitakoa eta gero,
patuak gordetako opari baten aurrean zaudela iruditu zaizu. Denborarik galdu
gabe, hamahirugarrenekoari zure bulegotik pasatzeko abisua eman diezaioten
agindu duzu. Hamar minuturen buruan aurrez aurre dauzkazu, bera eta liburua.
Hitz egiten hasi da.
-Orain dela aspaldi urrutira egindako bidaia
batetan ezagutu nuen, edo beharbada ez hain aspaldi eta ez hain urrutira
egindakoan. Ez dakit. Denbora, distantzia, ez ditut serio hartzen. Edo beraiek
dira ni serio hartzen ez nautenak. Berdin dio, ezagutu nuen. Behin. Nonbait.
Ametsetan, akaso. Horrek ez du esan nahi gertatu ez zenik, ezagutu ez nuenik,
istorio hau existitzen ez denik. Horrek ez du ezer esan nahi. Edo dena esan
nahi du.
oso ona!!!!!!!!! barriro be gustora irakurriot!!!
ResponderEliminar