2012/12/19

RNRHJBD!




Orain dela aspaldi urrutira egindako bidaia batetan ezagutu nuen, edo beharbada ez hain aspaldi eta ez hain urrutira egindakoan. Ez dakit. Denbora, distantzia, ez ditut serio hartzen. Edo beraiek dira ni serio hartzen ez nautenak. Berdin dio, ezagutu nuen. Behin. Nonbait. Ametsetan, akaso. Horrek ez du esan nahi gertatu ez zenik, ezagutu ez nuenik, istorio hau existitzen ez denik. Horrek ez du ezer esan nahi. Edo dena esan nahi du.
-Aurkitu zaitu azkenean – esan zidan nondik zetorren jakin nahirik nenbilen ahotsak – urteak daramatza liburu tontor horren azpian, zure zain.
Kasualitateak eraman ninduen kalezulo hartan barna aurkitu nuen liburu denda zaharrera, eta oraindik nirekin behar zuen ahots hori nondik zetorren jakin nuenean, txiripaz antzeman baitzitekeen agure haren presentzia liburu-pila haren erdian. Momentu batez, honen jakituriak idatziriko mendi haietakoaren artean kamuflatzeko ahalmena emanen ziola otu zitzaidan, eta hasiera batean ideia burugabea bazirudien ere, zerbaitek ez nenbilela oker esaten zidan. Bazegoen zerbait haren pipa erretzeko, begiratzeko, hitz egiteko eran. Tabako zupada bakoitzean historian zehar erretako libururen baten kea irentsi, desagerrarazitako istorio bat errautsetatik berreraiki, eta hau norberarekin elkarbanatuko balu bezala. Intrigatua ninduen, senak ez zitzaidala txantxetan ari esaten zidan.
-Nire zain? – galdetu nion urduritasuna estali nahiko lukeen txantxa tonuaz – nola liteke liburu bat pertsona jakin baten esperoan egotea? Liburu batek bere irakurlea aukeratzea? Ez dauka zentzurik.
Agureak, musika jogailua martxan jarri bitartean, liburuari azaleko errepaso bat eman ezkero ulertuko nuela adierazi zidan. Hutsik, norbaiten historiaren zain balego bezala, orriak zuri ageri ziren esku artean neukan liburuan. Konturatu orduko zurbil nintzen neu ere, historia jakin baten gose ziren orri hutsen isla bailitzan ene aurpegia. Disko jogailuko orratzarekin batera biraka erori nintzen denboraren zuloan, eta handik aurrerakoa lausoturik ageri zait memorian, kantu bat besterik ez...
When you're strange faces come out of the rain, when you're strange no one remembers your name, when you're strange, when you're strange, when you're strange…
Joder, iratzargailu madarikatua! Nahita jarri zenion The Doors-en kantua egun berri bat hastear delako abixua emango zizun ahotsari, hau Jim Morrisonena izanik izara artetik askatzea errazagoa izango zelakoan, baina bai zera! Nagiak atera eta oheko epeltasuna atzean uzteko behar besteko adorea batu bitartean, ametsetan bizitakoa errepasatzeari ekin diozu. Aita etorri zaizu bisitan, ohi baino gazteago, etxean dauden album zaharretako argazkietan ageri duen itxura horrekin. Bizar oparoa, ile beltza, sabela faltan eta txakur baten konpainian. Ea egun batzuk zurean igaro ahal zituen galdetu dizu, eta zuk baietz, harrituta baina baietz, gelditzeko behar zuen haina denbora. Zerbaitek larritzen zintuen guzti hartatik, eta ez zen aitak zuregana jotzeko gerta zitekeenaren intriga. Geroxeago, txakurrak aita jan duenean, ohartu zara estutasun haren jatorria non ezkutatzen zen. Ez dakizu zergatik, baina ispilura jo duzu korrika, eta begien parean islatutakoak kirioak dantzan jarri dizkizu. Oihu egin duzu. GUAU!
Ez ba! Berriz ere lokartu ez zara ba! Joder, beti berdin! Ohetik salto egin eta gaurko errutinari ekiteko oraindik nahiko indarrik gabe, martxan jartzen zara. Berandu zabiltza, ohi bezala. Gauero gauero, biharkoa “egun bat gehiago” bezala bataiatu dituzun horietako bat ez dela errepikatuz oheratzen zara, baina kaka zaharra. Bart etxeratzean lurrera botatako prakak esku artean hartu eta usaindu egiten dituzu. Txakur baten antzera. Ezin izan duzu barre egitea ekidin. Ez da hainbestekoa darien taberna-zulo kiratsa, tabakoaren kontrako lege puta horrek onuraren bat izan behar zuen. Kamiseta eta jertsearekin berdina egin ostean, sukaldetik pasa, hutsik dagoela jakin arren zerbait aurkitzeko esperantza desesperatuan hozkailua ireki, eta tripa hutsik atera zara etxetik.
Bart ardoarekin pasa zinela ohartarazi dizu etxe ondoko obretako burrunbak buruan danbaka, eta sabelean bueltaka daukazun apurra kanporatzeko gogoari eutsi behar izan diozu langile baten hitz lizunen aurrean. Atzamar luzeaz egun onak eman ostean, aurrera jarraitu duzu. Semaforoa berde noiz jarriko ezinegonez itxaroten duten motor-hotsen artetik abiatuz, kontrako norabidean datorren jende andanaren artean tokia egiteak suposatzen dizun esfortzuak nekatu zaitu dagoeneko. Hiri puta honetako giroa jasangaitza egiten da batzuetan!
You got a bad reputation, that's the word out on the town
It gives a certain fascination, but it can only bring you down!

Gogoz ekin diozu gaztaroan hainbestetan entzundako Thin Lizzy-ren kantua jotzeari, zer gutxiago daukazun bezerorik onenaren nahia betetzea baino.
-“Bad Reputation”, mesedez, gaur behar dut... okerreko hankarekin esnatu naiz. Badakizu, atzo pare bat ardo izan behar zirenak bikoiztu ez, hamarkoiztu egin ziren, eta orain komeriak – aipatu dizu arnasestuka oraindik.
Lurrean eseri, liatzeko tabakoa atera, eta zigarro bat erretzeari ekin dio kantua jotzen zenuen bitartean. Hogeita gutxi urteko neskatxak zure gaztaroa ekarri dizu gogora, garai onak, lagun onak, etorkizuna eta milaka kantu zeneuzkaten idaztear. Mundua aldatzearekin amets egiten zenuten, denboraren igaroak munduak zeuok nola aldatzen zintuzten ikusten hasi zinen arte. Orduan erabaki zenuen zure jaioterritik aldegitea, airez aldatzea, besteak normaltasuna eta gizalegezko bizitza eredugarrirantz bideratu zituen zirimola bortitzarengandik ihes egitea. Hasperen batek, kantuaren azken notekin batera, ekarri zaituzte orainera bueltan. Neskak euro bateko txanpona gitarraren zorrora jaurtitzean eskaini dizun irribarre zintzoak, oraindik mundu hau hobetzeko ahalegin horrek zerbaitetarako balio duela jakinarazi dizu. Aspaldi sentitzen ez zenuen adinako satisfazioarekin, txanpon batzuk bildu eta ondoko tabernara jo duzu. Duela urte batzuk mundua jango zenukeen, gaur ostera, barre eta ebaki batekin ase zara.
If I could start again, a million miles away,
I will keep myself, I would find a way
Ez neukan bere asmoen, iritzien, ametsen berri. Ez nekizkien bere izena edo jaioterria zein ziren, are gutxiago bere istorioaren inguruko ezer. Inondik ezagutu ez arren, tabernako atetik sartu zen gizon hura eta kamarerak aurki jarritako kantua elkarrentzat eginak zirela argi zegoen. Bizitza benetan dastatu eta honen zapore gazi-gozoaren erakusle zen begirada, beroki beltza eta gitarra gainean, Johnny Cash berberaren aurrean nengoela iruditu zitzaidan. Eta han nengoen ni, ez hain atzean utzitako nerabezaroaren zati ederra Arkansaseko izarra baldarki imitatzen pasatutako gizagaixoa, gaizki egindako “tupe” eta akne garaietan mitifikatutako musikariaren mamua begien parean agertu izan balitzait bezala.
Ez dakit zenbat minutu emango nituen hari begira, hamar, bi, bost,... batek jakin, baina hartutako kafe hutsa txanpon txikietan ordaindu eta atetik irten zuen momentuan jarri nituen berriz hankak lurrean. Denboraldi eder bat mundutik at igaro izan banu bezala sentitu nintzen. Agur gizon misteriotsu haren agerpena aurretik neuzkan buruhausteei, koadratu ezinezko hilabete amaierako zenbakiei eta abstinentzia-sindromeari! Horregatik, entzule maiteok, zuen bizitza zertxobait eramangarriagoa egiteko nire esku dagoen bakarra eginaz emango dut amaitutzat gaurko saioa. Bejondeiola rock and roll-ari!
Taking more than her share, had me fighting for air
She told me to come but I was already there
The walls start shaking, earth was quaking
My mind was aching, we were making it!
Ospitaleko aparkalekua oraindik erdi hutsik, eta momentuak eskatuta, egunsentiaz gozatzea erabaki duzu. Bustiak dituzu masailak, bustia bihotza. Esatariak saioa ixteko jarri duen AC/DC-ren kantuak, korronte elektriko bat askatu du zure barnean. Ezinegonak, bart hamahiru urteko semeari konfiskatutako tabako paketea ireki eta aspaldiko partez zigarro bat erretzera eraman zaitu. Kotxeko metxeroa estreinakoz erabili, eta pare bat kalada eman orduko ke eta gogorapen artean galdu zara.

Hogei bat urte izango zenituen bizitzan lehenengoz, eta onartu dezagun, azkenengoz, maitemindu zinenean. Txosnak topera, odola pozoi gozoz zikin eta pozez horditurik zenbiltzala hurreratu zitzaizun begirada ilun eta sakoneko mutila. Lehen begiratuan atentzio larregi deitu ez zizun arren, birritan pentsatu barik onartu zenuen berarekin trago bat hartzeko gonbita. Ordu, garagardo eta speed lerro batzuen buruan, ostera, begi beltz haiek bilakatu zitzaizkizun munduaren erakusleiho. Konturatu orduko, gorputz biak bat bilakaturik, bere autoan zeundeten.
-Bizitzako momentu bereziek soinu banda izan ohi dute, eta hau ez da gutxiagorako… utzidazu kantu bat eskaintzen – esan zizun AC/DC-ren kasetea irratian sartzen zuen bitartean.
Hamazazpi urte beranduago, neurrigabeko maitasun baten erakusle izan nahi zuten oihuen, elkarri abestutako “You shook me all night long” garrasi desafinatuen oihartzuna entzun dezakezu isiltasunak jan ohi duen erietxearen inguruetan. Luzez gordetako arantza ateratzeko, ezinbestean eromena urratzen duen sentimenduei bide eman eta gau hartan bezala abestuz irten duzu autotik. Lotsagarria iruditu zaizu hamarkada oso batez gaixotasun psikiatrikoak tratatzen aritu zaren horrek, gaur arte musikaren balio sendatzaileari garrantzirik eman ez izanak. Terapia berria praktikan jartzeko grinatsu, eguneko lanaldiari ekiteko gogoz barneratu zara psikiatria sailera.
Ez dut herio modu hau zuen edozein bizimodugatik aldatzen.
Ez dut bizimodu hau zuen edozein herio modugatik aldatzen.
Rock'n'rollak hiltzen eta izorratzen jarraitu behar du.
Kasu berri bat esleitu dizute. Gau eta egun kantu berbera abestuz pasatzen dituen pazientea omen da 13. gelakoa. Atzo ingresatu omen zuten, pare bat aste inguru hutsik zegoen liburu hura ez zen beste ezertaz elikatzeari uzteaz gain, liburu hura ez zen beste hizpiderik ez zuela ohartu baitziren bere ingurukoak. Espedienteak dioenaren arabera, gaztearen perfilak inongo gaixotasun psikiatrikoren koadro klinikoa betetzen ez duen arren, bada zerbait ezberdina haren mundua antzemateko eran. Bertan denetik ideia berbera mahaigaineratu besterik ez omen du egin: liburu huts horretan argi ikusi daitekeen bezala, rock and roll-a da guztiaren jatorria, munduaren benetako historia, erantzun guztien zergatia, gure existentziaren oinarria.
Aparkalekuan bizitakoa eta gero, patuak gordetako opari baten aurrean zaudela iruditu zaizu. Denborarik galdu gabe, hamahirugarrenekoari zure bulegotik pasatzeko abisua eman diezaioten agindu duzu. Hamar minuturen buruan aurrez aurre dauzkazu, bera eta liburua. Hitz egiten hasi da.
-Orain dela aspaldi urrutira egindako bidaia batetan ezagutu nuen, edo beharbada ez hain aspaldi eta ez hain urrutira egindakoan. Ez dakit. Denbora, distantzia, ez ditut serio hartzen. Edo beraiek dira ni serio hartzen ez nautenak. Berdin dio, ezagutu nuen. Behin. Nonbait. Ametsetan, akaso. Horrek ez du esan nahi gertatu ez zenik, ezagutu ez nuenik, istorio hau existitzen ez denik. Horrek ez du ezer esan nahi. Edo dena esan nahi du.

2012/12/18

ROTE ZORAtze uneak

 "Zoratuta zaude! esaten digute urrunegi joaten garenean, gure egunerokotasuna giltzaperatzen duten mugak zeharkatzen ditugunean. 
Zu zoratuta zaude!
Utziguzue gure erotasuna, emakume bezala, gure bizitza giltzaperatu eta ohorea itotzen diguten mugen igarotzean. 
Zoratuta zaude - da gainditze honen erreakzio maskulinoa-.
Patriarkatuaren arrazionaltasun hilgarriarenganako gure erreakzioa irain gisa itzultzen digute, gure erradikalismoa atzeman beharko lukeen begizta bailitzan. Ez daukagu erradikal izatea beste aukerarik ordea. Geure bizitza eta ohorea berreskuratzeko daukagun baliabide bakarra da."

Dorothea Brockmann


2012/09/26

Gau ilunekoak




Egunez hain apurtezin itxuraz azaltzen zaigunari sendotasun zantzu guztiak erantzi, egun argitan hain iluna dirudienaren belztasuna ezerezean utzi, eta gorroto dugun horren kontra egiteko bere ilunpearen babesa eskaintzeagatik, maite dugu gaua. Ezkutuan daramatzagun sen, burutapen eta asmoei bidea emateko baliatzen gara eguzkiak ezkutatzerakoan esleitzen digun intimitateaz, eta ilargia konplize bakartzat, eguneko ordu mortu horiek aprobetxatzen ditugu benetan garen bezalakoak azaltzeko, onargarriak ez liratekeen ekintzak aurrera eramateko, esan ezin den hori lau haizeetara oihukatzeko. Itxura, arrazoia, legea, normaltasuna, boterea, egia, araua, zuzentasuna, demokrazia, jainkoa, moderazioa, eredua, zibilizazioa bere osotasunean, deformatua ageri da bere gerizpean. Itzal desitxuratu horren irudia erreproduzitu eta egunez aurrean daukagunaren benetako itxura zein den gogoan izateko eztandarazten ditugu gauero gure ideiak, gure adimenaren leherketa eragiten duen detonagailua, ez beste ezer, baitugu askatasunerako giltza.

2012/09/23

Die Yuppie Die

Karlosek gorroto ditu astelehen goizak. Batez ere, astelehen goizak. Asteartea, asteazkena, osteguna eta ostirala, tira, eramangarriagoak dira. Baina aste hasiera... aste hasiera beti egiten zaio aldapatsu. Gaurkoa, nahiz eta atzean utzi dugun udararen azken haize epel hondarrek lagunduta etorri, ez da salbuespena izan, eta ezinbestean pasa behar izan du komunetik bulegora sartu baino lehen. Kixketari eman, komuneko tapa jaitsi eta karteran gordeta eraman ohi dituen txartelen artetik bi atera ditu zoriz. NAN-a eta kreditu txartela.
Bere argazkiaren gainean kokaina dosi polita bota eta gogoz, antsietate puntu batekin, ekin dio ilaratxo fin eta luzea egiteari. Tak-tak, bi txartel kolpetan eta profesionaltasun osoz egin du egin beharrekoa. 50 euroko billetea hartu eta hau kiribiltzen hasi denean, derrepente eta inolako abisurik gabe, hotzikara eragin dion pentsamendu bat pasa zaio gogotik. Gezurra dirudien arren, bere kargua lortzea kostatu zaiona eta gero, eguneroko egin beharren artean saiatuena hortxe egiten du, kaka-tokian.

2012/09/08

Zaborra gara



"I AM WHAT I AM", horra marketinaren azken eskaintza munduari, horra publizitate garapenaren maila gorena, zirikada guztietan aurreratuena, ohiko "izan zaitez desberdin", "izan zaitez zu zeu", "edan ezazu Pepsi" baino hagitzez aurreratuago. Kontzeptuak asmatzen igarotako hamarkada hauek guztiak, honetara iristeko, tautologia hutsera. NI=NI. Mutila lasterka ari da gailu mekanikoan, bere gimnasia klubeko ispiluaren aurrean. Neska lanetik dator, bere Smarten bolantean. Topatuko ote dira?
"NI NAIZENA NAIZ". Nire gorputza nirea da. Ni ni naiz, zu zu zara, eta hala oker gabiz. Masa pertsonalizazioa. Kondizio guztien indibidualizazioa: bizitzarenak, lanarenak, nahigabearenak. Eskizofrenia lausoa. Depresio narrasa. Atomizazioa partikula fin eta paranoikoetan. Kontaktuaren histerizazioa. Ni izateko nahia handitzen den heinean handitzen da sentitzen dudan hustasuna. Zenbat eta gehiago esan, orduan eta isilago nago. Nire buruaren atzetik zenbat eta gehiago korrika egin, orduan eta nekatuago nago. Leihatila aspergarri baten antzera kudeatzen dut, duzu, dugu gure Nia. Geure buruaren ordezkari komertzialak bilakatu gara: merkataritza bitxia. Pertsonalizazioz mozorrotutako anputazio baten berme emaile bihurtu gara. Hondakin bilakatzen garen arte eusten diogu, gure baldarkeria nola edo hala disimulatuz.

Comité invisible: «L'insurrection qui vient»


09 Somos basura by Elfo Negro on Grooveshark

2012/09/04

Maitasunez eta Gorrotoz

"X"-ren balioa askatzen pasatutako matematika klase amaieragabekoak datorzkit burura gaurkoan. Oroitzen naiz nola ekuazio itsasoetan itotzen gineneko ordu hilak ezer esaten ez ziguten emaitza marea batekin amaitzen ziren, X=5, X=1, X=33, X=0, ederto, popatik hartzera. Eta oroitzen naiz baita ere nola nituen "X" haien balio ezkutuak baino jakinmin hadiagoa sortzen zidaten kontuak, ebatzi beharrekoagoak iruditzen zitzaizkidan gaiak. Izango dira hamar bat urte zientzia zehatzenganako interes ñimiñoa beste ardura batzuk zanpatu zutenetik, ardura horiek gazte asanbladaren bidez bideratu nituenetik, MGA-k bere egin ninduenetik, MGA geure egin genuenetik, eta paradoxikoki patuak beste "X" baten aurrean jarri nau. Oraingoan, ordea, emaitzak badu zentzurik.
 

2012/07/30

FUMUT


Mesfidantzaz begiratzen dio erlojuaren orratzak pare bat urratsetara daukan zazpi mehatxagarriari. Kosta egiten zaio gainera datorkiona onartzea, denbora neurtzearen funtzioa esleitu zitzaionetik, honen pisua neurtzea ere bere eginkizun bilakatu baitu. Saihestezinaren aurrean, segunduak nola igarotzen diren so egitera mugatzen den minutu-orratzak nola, tik eta tak, martxa etengabeko eta geldiezinari jarraitzen diot piztutako azken zigarroari zupadaka. Kalada bat, segundu bat bestearen atzetik, eta beste kalada bat ostean. Tabakoak hil egiten du, jakina. Denboraren igaroak lurperatzen gaitu, noski. Bizitzen baino askoz azkarrago ikasten dugu hiltzen.